Euskal Herriko historia

Frankismotik atera berri, Euskal Herriko Historia zabaltzeko premia nabaria zen eta egun, oraindik, gezurrei aurre egiten jarraitu behar dugu.

BARATZ-PE. HUTSUNE BAT OROIMENEAN

Posted on

Gure historiaren kontakizuna hutsunez beterik dago. Horren lekuko orain gutxi arte ez-ezagunagoa zen gertaera bat: 1980ko urriaren 21ean Batallón Vasco Españolek Mungiako merkatu plazako “Baratz-pe” tabernan jarritako lehergailuaren bidez eragin ahal izan zuen sarraskia.

Egun. Mungiako horma batean honoko margoketa ikus daiteke: “memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik”. Berau gainditzeko Mungiako historiaren zatitxo bat berreskuratu nahi izan dute Haizetara elkarteko lagunek; Baratz-pe tabernan gertatutakoaren testigantzak jasoz, dokumentazio lanak eginez, eta ikus-entzunezko formatoan denontzat eskuragarri jarriz aurtengo urriaz geroztik.

Lan hori ikusgai izan genuen azaroaren 29an ASTRA Gernikan IPES elkartearen “memoria elkarrizketak” saioaren baitan. Ez hori bakarrik;  Ibai Alzaga egilea elkarrizketatu eta gertaera hura pairatu zutenen lau biktimen parte-hartzea izan baikenuen: Patxo Uribarri, Juanje Uriarte, Juan Garmendia eta Jose Angel Boyra, hain zuzen ere.

Pentsa holako gertaera ez-ezagunek zer nolako egoera sortarazten duten lagun hauentzat, eta gure oroimenarentzat: bereizi gabeko eraso baten biktima izan ziren, ez zen ikerketarik egon eta sekula ez dute aitortza formalik jaso. Eta 38 urte igarota, bere horretan dirau ahanzturak.

Gure partetik, geratutakoa ezagutu, partekatzeko erantzukizuna hartu, eta justizia aldarrikatzeko konpromezuari lotzen gatzaie. Haizetara elkarteari eskerrik beroenak lan hau egiteagatik eta gure memoriaren hutsune bat betetzeagatik. Bide oparo eduki dezala lanak hutsune gehiago betetzen jarraitzeko!

Memoriak nondik gatozen ezagutzera ematen  digu, nor garen interpretatzeko erreminta bihurtzen zaigu, baina, batez ere,  etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko lanabesa da.

Memoria egiten jarraituko dugu.