Kartzela kalera

Kartzeletako giltzak ematen dizkigutenean berauekin zer demontre egin behar dugun argi izan behar dugu.

Jardunaldi berriak “Kartzela kalera!” ildoan

Pasa den urtean kartzelaren gaineko gogoeta lerroa zabaldu genuen Angela Davisen parte hartzearekin. Orduko hartan “emakumea eta kartzela” hartu genuen gai eta oraingoan kartzelaren jatorriak eta arrazoiak aztertuko ditugu, isolamenduaren gainean arreta berezia jartzearekin batera. Bilboko La Bolsa eraikinean izango dira jardunaldiak urtarrilaren 17 eta 19an.

Angela Davis AEBetako militante gogoangarriak baditu bere bizi ibilbidean hamaika ekarpen interesgarri. Azken urteak baina kartzelen abolizionismoaren inguruan eman ditu borrokan, nolabait kartzelak apurtuz kapitalismoa suntsitzeko borrokan zentratua. Euskal Herrian kartzelak ere ez zaizkigu arrotz eta lan politiko konstante bat eman da hauen inguruan, batez ere, preso politikoen eremuan. Kartzelaren errealitateak baina merezi du begirada eta hausnarketa osoagorik, are berauek kudeatzeko konpetentzia gure erakundeen esku gelditzeko aukera zabalik denean. Gogoeta lerro honekin beraz, egoera horri aurre hartzea dugu xede, eta gaurdanik Euskal Herrian zelako kartzela eredua behar dugun hausnartzea eta aukera ezberdinak mahai gainean jartzen hastea.

Datorren asteko jardunaldietan bi gai aztertuko ditugu, biak ala biak Bilboko La Bolsa eraikinean arratsaldeko 19:00retan:

Asteartea, urtarrilak 17: ISOLAMENDUA KARTZELAN, TORTURA ISILA
Susana Etchegoyen eta Mirta Fabrek isolamenduaren epe luzeko eraginak eta nazioarteko legedia aztertuko dituzte, isolamendua pairatu dutenen testigatzekin lagunduta.

Osteguna, urtarrilak 19: NOIZTIK, ZERGATIK ETA ZERTARAKO?
Elisabet Almeda eta Alejandro Forerok kartzelaren eta zigorraren jatorrian jarriko dute begirada.