Ezker pentsamendua

Premia handia dago errealitatea aztertzeko erreminta egokiei dagokionez.

1go ziztada: Paradigma aldaketa ezker mugimenduetan?

IPES XL, 1977tik jantzigintza herritarra antolatzen

Errealitate konplexu eta aldakorraren aurrean biluzik aurkitzen gara maiz. Hotz egiten du kanpoan, eta garai ankerrotan, informazioak euri jasa trumoitsu gisa heltzen zaizkigu, tifoietan. Jakina, ez gara inguruneari aurre egiteko prest jaiotzen eta bizitzan zehar eskaintzen dizkiguten jantziak ez dira beti aproposenak. Taila estuetan hertsirik nahi gaituzte, edota iraganean iltzatutako jantzi zaharkituetan. Gure beharretara egokituriko jantzi sortaren ordez, munduko edozein txokotan ikusten diren modako uniforme grisak eskaintzen dizkigute.

1977tik euskal herritarrak janzten dihardu IPESek. Berrogei urte ingurunera egokiro prestatzeko jantzigintza herritarra antolatzen. Bakoitzaren ingurunea ezagutu eta eraldatzeko moduko jantziak ekoiztuz, guztien neurrirako jantziak eta denen artean josiak. Berrogei urte josten eta XL neurrira heldu da IPES. Edonor sartzeko moduko neurria, aniztasunak emandako neurria, handitzen ari da jantzigintza faktoria herritarra! Handitzen kuantitatiboki, esku eta orratz gehiago saretuz, eta handitzen kualitatiboki, josteko modu berriekin.

 

Ipes XL jantzigintza zikloa

Ipesen 40. urteurrena ospatzeko jantzigintza herritarra zabaltzea eta azkartzea hartu dugu xede, Ipes bera eraldatuz. Urte osoan zehar jantzigintza faktoria handitzen eta egokitzen egon gara eta kanpainari amaiera jartzeko zer hobeagorik jantzigintza saio berezi batzuk antolatzea baino!?

Intereseko gai hainbaten gainean, Ipesen sorrera garaitik eta gaur egunera bitarteko bilakaera aztertu nahi dugu, egungo unean jarriaz arreta, sasoi sasoiko jantziak josi ditzagun. Hiru ziztadatan josi nahi ditugu jantziok, ziztada bakoitza galdera batekin lotuz, hilean ziztada bana, beharrezko lanketa eskainiz Bilbon ospatuko dugun saio bakoitzari:

1go ZIZTADA: Paradigma aldaketa ezker mugimenduetan?

Urtean zehar askotan entzun dugunez 1968ko garaiek bere biziko garrantzia izan zuten ezker mugimenduetan eta esperientzia insurrekzionalak biderkatu egin ziren han-hemenka. Esperientzia horiek bilakaera ezberdinak izan dituzte eta ia denak bertan behera dira egun. Aldi berean, ezkerrean ematen ari diren artikulazio berriak, informatzeko eta komunikatzeko era berriak, militantziaren gaineko gogoetak,… hizpide dira maiz eragile eta mugimendu ezkertiar ezberdinetan. Guzti honen gainean, ezkerraren eboluzio hurbilaz hausnartu nahiko genuke lehen ziztada honetan. Horretarako, saio hauek antolatu ditugu:

Irailaren 20an, ostegunez, 19:00retan                 Saio irekia

La Bolsako (Pelota K. 10) Areto Nagusian,

Moderatzailea: Andrea Bartolo

 

ITALIAKO MATXINADA 70-80 (Brigada Gorrien esperientzia)

Barbara Balzerani Brigada Gorrietako militante historikoa

Silvia de Bernardinis Brigada Gorrien ikertzaile italiarra

 

Irailaren 22an, larunbatez, saio nagusia              Matrikuladun saioa

Boluntako Areto Nagusian (Zabalbide K. 1)

Moderatzailea: Joseba Alvarez

 

– 9:30 ate irekiera eta harrera

– 9:45-11:30 68A ETA GU:
Pako Letamendiak sarrera hitzaldi bat eskainiko du, Itziar Aizpurua eta Joseba Marinak

kritikatu eta osatuko dutena, publikora gero eztabaiada zabaltzeko.

– 11:30-12:00 Atsedena

– 12:00-14:00 ARTIKULAZIO BERRIAK EZKER MUGIMENDUETAN?

Lau begirada mahai inguruan: sindikalgintza, feminismoa, ekonomia sozial eraldatzailea eta gazteria.

– Arratsaldean: kafearen inguruan eztabaida irekiak emango dira goizean identifikaturiko gakoen inguruan.

Azkenik, matrikula egindakoan, hautaturiko material interesgarriak helaraziko zaizkizu saioaren aurretik gaian sakontzeko aukera emanez. Izena emateko klikatu hemen

 

2. ZIZTADA / urriak 20 / Europar Batasuna, haustura ala erreforma?

Jakina da Europar Batasuna ez dela begikoa den Erakunde bat, eta bere sorrera eta garapena sistema kapitalistari hertsiki lotzen zaiola ere ez zaio inori eskapatzen. Dena dela, gero eta gatazka gehiagoren erdigunean kokatzen da europaren etorkizun politikoa nondik-norakoa izan beharko litzatekeen. Izan burujabetza prozesuetan diren estaturik gabeko nazioen ikuspegitik, izan ezkerreko mugimendu anitzetatik, bai eta posizio neo-faxistetatik, Europar Batasunaren haustura edo erreforma galdera gero eta arruntagoa da. Hausteskundeak eurak ate-joka izanik, europako ezker mugimenduen eta estaturik gabeko nazioen burujabetza indarren posizioak ezagutzea nahiko genuke. Matrikulazioa hemen

 

3. ZIZTADA / azaroak 17 / Euskal Herriko prozesu konstituziogilea(k)?

Estaturik gabeko nazioen burujabetza prozesuak bizi-bizi diren honetan, Euskal Herrian ari dira prozesu ezberdinak pentsatzen eta aurrera eramaten. Badira akademiatik hausnartzen eta ezbaian ari direnak, eremu politikotik dihardutenak, baita sozioekonomiaren antolaketa beratik ere, edota esparru soziopolitikotik, sozial eta nazionalki kohesionatzen gaituzten ariketak ematen ari dira. Euskal Herriko prozesu konstituziogileen gaineko ikuspegiak ezagutzea eta berauek elkar elkarrizketan jartzea nahiko genuke azken saio honetan. Matrikulazioa hemen

 

Oharra:  Jardunaldi guztietan parte hartu nahi baduzu klikatu hemen