Euskal Herriko historia

Frankismotik atera berri, Euskal Herriko Historia zabaltzeko premia nabaria zen eta egun, oraindik, gezurrei aurre egiten jarraitu behar dugu.

MEMORIA ELKARRIZKETA DURANGO 1936 ELKARTEAREKIN

Ipes elkartearen memoria elkarrizketa berria izan dugu (azaroaren 26an). Andoni Barreña izan genuen atzo, Gernikan. Durango 1936 elkarteko kidea da, eta beraien ibilbidea, egitekoa, erronkak etab. kontatu zizkigun solasaldi emankorrean.

2007an jaio ziren, eta geroztik lan itzela egin izan dute martxoaren 31ko bonbardaketa egunaz harago herri-memoria modu iraunkorrean lantzeko Durangon: testigantzak jaso, urtekaria aldizkaria, gogoeta gune gisa, kerella, transmisiorako euskarri izaten….beraien webgunean islatzen da lana: www.durango1936.org
Ipes elkarteak sustaturiko memoria elkarrizketa saio berria izan zen Harizpe txokoan eginikoa, Arrano kultur elkarteko egitarau lan-taldearekin batera.

Azkeneko bi urteetan garaturiko dinamika da, eta bere xedea herri-memoriari loturiko dinamika, proiektu, egitasmo, elkarte etab.en esperientziak jaso, ikasi, eta hausnarketa komunetarako euskarria izatea da: Gasteiz, Mungia, Durango, Larrabetzu… izan dira mahai-gaineraturiko batzuk, eta emankorrak dira, zinez. Sare sozialetan lanketa bat egin dugu (Ipes, Gernika Memoriaren Lekuko) eta Busturialdeko Hitzan deialdia azaldu izan da.
15 lagunek parte hartu zuten saioan. Gure argitalpen batzuk bertan egon ziren ikusgai (bi Gernikaren Egiak saldu ziren, eta pin batzuk), Durango 1936 elkartearen materiala ekarri zuen (saldu zen) eta Ipes elkarteari opari gisa ale batzuk eman zizkigun.