Sozialismoaren Historia Labur Bat
Sozialismoaren Historia Labur Baten historia are eta laburragoa
Sozialismoaren Historia Labur Bat 2013an hasten da gauzatzen Gorka Etxebarria Dueñasek Ipesen Julio Araluze beka irabazten duenean. Historia luze bat kapitulu laburretan kontatzen digu, narratiba freskoaz, ikuspegi zurrunetatik ihesi eta euskaraz, esparru honetan ohikoa ez denez. Hilabeteetako lanaren ostean, osaturiko testuaren aberastasunaz jabeturik, liburuak tamainako ilustrazioak behar zituela jabetuta, Iñaki Rifaterra Santamaría marrazkilariarekin jartzen gara harremanetan, zeinak dozena bat xilografiaren bidez sozialismoaren historiaren une jakinak jaso zituen, hain zuzen ere sozialismoaren idealaren zabalpenean berrikuntza ekarri zuen teknikarekin. Nekane Castro Lasuenek maketatu zituen elementuok guztiok eta azkenik GITEk argitaratu 2015eko azaroan.
Liburuaren lehen aurkezpenak abenduan egin genituen. Abenduaren 2an, Gasteizko Hala Bedi tabernan izan zen lehena, beherago ikus dezakezun aurkezpen bideoa eta Iban Zalduaren parte hartzea izan zuena. Hiru egun beranduago Durangoko Azokako Areto Nausian izan ginen eta beranduxeago, abenduaren 17an, Bilboko Kremlin Aretoan aurkeztuko genuen. Urtarrilean, ekialderantza egin genuen, Nafarroa eta Gipuzkoara. Zehazki, Iruñeako Katakraken izan ginen hilaren 26an eta bi egun pasata Donostiako Kaxildan. Udaberrian ere, Laudion ospatu zen Gazte Danbadan! izan gara liburua aurkeztu eta ikus-entzunezko hitzaldi bat ematen. Liburuaren bigarren argitalpena eskuartean dugunetik, bigarren aurkezpen bira bat abiatu dugu urriaren 25ean Baionako Zizpa Gaztetxean egindako aurkezpenarekin (hitzaldi osoa hemen). Bilbon ere izan gara bigarren edizioaren berri ematen Louise Michel liburudendan, baita abenduaren lehenean Oreretako Mikelauzon ere, erakusketa duela gutxirarte bertan egon delarik.
Aurkezpen hauetaz gain, liburuak izan du beste zabalpen biderik. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin Bizkaiko Batxilergo zentru guztietara ale bana bidali genuen. Lehen argitalpeneko bostehun aleak hile pare batean agortu zitzaizkigun, euskaraz idatziriko liburu salduenen artean egon zelarik, eta bereziki deigarria izan da gazteen artean izan duen harrera. Hain zuzen ere, helburu horrekin hasi ginen zabaltzen liburua, gazteen artean hausnarketa eta eztabaidarako tresna izan zedin, beraz bide onetik goaz!
Liburua braillera itzulia
Liburuak izandako arrakasta eta zabalpenaren erakusle, ONCE elkarteak liburua braillera itzuli du bere bazkideen eskaeraz eta dagoeneko eskura izango dute bertako bazkideek. Ipesen ale bat ere badugu (Erronda 25, 1. solairua, Bilbo) eta inork kontsultatu nahiko balu eskatzea besterik ez du gurekin ohiko bideetatik harremanetan jarriz (944790430 telefonora deituz edo info@ipes.eus helbidera idatziz).
Liburuaren irakurketa dialogikoak
2017ko otsailetik Bilboko KARMELAn (Fika Kalea 44) liburuaren irakurketa dialogiko dinamikan murgildurik gara, saio piloto gisa, etorkizunean beste txokoetara hedatzeko asmoz. Liburuaren irakurketa sakonagoa eta aberatsagoa bideratzeaz gain, dinamika honekin liburuak jasotzen ez dituen edukiak -alegia, parte hartzaileen ekarpenak- azaleratzen dira, sozialismoaren ibilbidearen gaineko jakintza aberastuz.
Liburuaren garrantzia, Iban Zalduaren hitzetan
Iban Zalduak komentatu zuen Gorka Etxebarriaren liburua Gasteizko lehen aurkezpen hartan eta bertan zortzi arrazoi eta erdi eman zituen liburua gomendatzeko:
Erakusketa
Esan bezala, testuak irudiekin lagunduta datoz liburuan, eta noski, irudiek eurek ere SOZIALISMOAREN HISTORIA LABUR BAT erakusten dute. Hala, erakusketa bat osatu dugu eurekin, areto anitzetan ikusgai izan dadin, irudiekin ere hausnarketak iradokitzeko. Hain zuzen ere, Iñaki Rifaterrak xilografiaren teknika erabili du, sozialismoaren idealaren (eta oro har, irudi bidezko komunikazioaren) hedapenean teknika garrantzitsua izan delako. Historian zehar, bere berehalakotasun eta irisgarritasunari esker, komunikazio korronte herrikoi asko eraman dira aurrera irudiak inprimatzeko ezagutzen den teknika zaharrena den honekin. Hamabi irudiotan beraz, sozialismoaren bilakaeraren interpretazio bat topatuko duzu, idealaren sorreratik eta gaur egungo errealitaterarte.