PITZATU, Gazte Boterez Euskal Herria eraikitzen
‘PITZATU, Gazte Boterez Euskal Herria eraikitzen’ Ernai eta Ipesen artean ekoiztutako hausnarketa, eztabaida eta ekinbiderako gonbita bat da. Azken bi urteotan elkarlanean aritu gara, emeki emeki, gazte boterearen gaineko ariketa berri bati gorputza ematen. Esan beharrik ez dago ez dela abordatzen gai erraza. Gazteria eta Boterea termino iheskorrak dira beti eta, garai nahasiotan, taxuzko ezer arrantzatzea asko kostatzen da. Kontuak atera, gazteriaren gaineko literatura apurra, hein handi batean, berrogei urteko ibilia izan duen herri hontako gazte antolakundearen ekarpena izan baita! Beste horrenbeste urte bete dituen Ipesen partez, 2012an egin zuen gai honen gaineko ekarpen nagusia “Eta gazteok zer?” lanaren bidez.
Apika literatura faltak bultzatuta, eta esku gehiagorekin aisago arrantzatzen delako, abiatu eta berehala jo genuen hausnarketa lan talde sustatzailetik atera eta inguruko gazteekin partekatzera. Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Baionan eztabaidak egin genituen hainbat gazterekin 2016 urtearen hondarrean eta iaz, UEUko Udako Ikastaroen baitan lan saioa izan genuen Iruñean berriz. Gerora, Ernairen ‘Inurritegia’ eztabaida prozesuan ekarpenez josia izan da eta amaitzeko, liburuxka hau ekoizteko lanetan izan gara eskuz esku.
Esan dugu hausnarketa, eztabaida eta ekinbiderako gonbita dela hauxe, eta ez genuke beraz apalategia apaintzeko edota oheak dantzarik ez egiteko erreminta bat izaterik nahi. Alderantziz, forma errektangularra mantentzerik ez duen liburu erabili bat izatea nahiko genuke, azpimarraz eta apuntez josia barruan. Irakurria eta eztabaidatua izateko jaio da liburu hau, eta baita -edo beraz-, ekintzarako bide izateko, Gazte Boterea indartzeko bide, Euskal Herria eraikitzeko bide.
Horretarako, lau bloketan banatu dugu lan hau. Lehenik eta behin, nondik abiatzen garen eta non gauden aztertuko dugu, gure ikuspegiaren eta gazteriaren gaineko lehen kokapen bat eginez. Bigarren blokean, Heldu Botereari egingo diogu haginka, Botere Zapaltzailearen armiarma sarearen ikusmiratik.
Hirugarrenean, armiarma horren aurrean nor ote garen deskubritzen saiatuko gara, Euskal Gazteriaren kokapena eginez. Eta azkenik, laugarren blokean, Gazte Boterean zentratuko gara, bere eraikuntzarako estrategia orokorrak proposatuz. Amaieran erreferentzia bibliografikoak ere jasotzen dira, materialetan sakondu nahi bada.
Gonbita egina dago beraz. Durangoko Azokako Goienkaleko 63. zenbakian aurkituko gaituzue.
Hartu denbora, arkatza, talde bat, batzuk, eta irakurri, murtxikatu, eztabaidatu, entzun, hitz egin,… eta ekin!
“Aldaketa iraultzaileak beti etorri dira gazte jendearen eskutik” Angela Davis