Nor gara

Ez utzi galdetzeari

1977tik jantzigintza herritarra antolatzen

Errealitate konplexu eta aldakorraren aurrean biluzik aurkitzen gara maiz. Hotz egiten du kanpoan, eta garai ankerrotan, informazioak euri jasa trumoitsu gisa heltzen zaizkigu, tifoietan. Jakina, ez gara inguruneari aurre egiteko prest jaiotzen eta bizitzan zehar eskaintzen dizkiguten jantziak ez dira beti aproposenak. Taila estuetan hertsirik nahi gaituzte, edota iraganean iltzatutako jantzi zaharkituetan. Gure beharretara egokituriko jantzi sortaren ordez, munduko edozein txokotan ikusten diren modako uniforme grisak eskaintzen dizkigute.

1977tik euskal herritarrak janzten dihardu IPESek. Berrogei urte ingurunera egokiro prestatzeko jantzigintza herritarra antolatzen. Bakoitzaren ingurunea ezagutu eta eraldatzeko moduko jantziak ekoiztuz, guztien neurrirako jantziak eta denen artean josiak. Berrogei urte josten eta XL neurrira heldu da IPES. Edonor sartzeko moduko neurria, aniztasunak emandako neurria, handitzen ari da jantzigintza faktoria herritarra! Handitzen kuantitatiboki, esku eta orratz gehiago saretuz, eta handitzen kualitatiboki, josteko modu berriekin.

Zehazki, zer da Ipes?

Literaturak, sarri, errealitatea zehazkiago deskribatzen du azalpen analitiko batek baino. Dena dela, merezi du “jantzigintza herritarra” zer den eta nola lan egiten dugun azaltzeak:

Egunerokotasunean hirukote bat aritzen da Bilboko Ronda kaleko 25. zenbakian aurkitzen den IPESen bulegoan. Dena dela, jende andana ibiltzen da egoitza honetatik gora eta behera, hirurogei bat kolaboratzaile baitaude IPESeko lan talde eta sare ezberdinetan lanean eta hamarnaka eragile proiektu ezberdinetan elkarlanean. Jende ugari etorri eta joan, egunerokotasunean, eta hamaika dokumentu noizbait pisura heldu, eta bertan gelditu direnak, ondo ondo artxibatuta. Perla andana topa daiteke IPESeko artxibategian, eta hain zuzen ere, digitalizazio eta zabaltze lanetan murgildurik gaude oraintxe bertan.

IPES zer den ikusteko modu on bat da, hain zuzen ere, artxiboari erreparatzea. Berrogei urteotan zelako gaiak landu diren ikusirik, argi ikusten da euskal herritarren prestakuntza, euskal kultura sustatzea, izan dela IPESen ekarpenaren ardatza. Euskal gaiak, emakumeak, ezker pentsamenduak, nazioarteak,… pisu handia izan dute urteotan guztiotan eta egun, lau lan ildo nagusitan bildu daiteke IPESen jarduera beti heterogeneoa -nahiz eta baden sailkapen honetatik at gelditzen den proiekturik:

  • Euskal aniztasuna
  • Kartzela kalera
  • Ezker pentsamendua
  • Euskal Herriko Historia
  • Azken hamabost urteotan pisu handia hartu du migrazioaren eraginez hainbat auzo eta herritan sortu den aniztasuna kudeatzeko lanak. Gure ikuspegia hasieratik izan da euskal kultura dela aniztasuna lantzeko erreferentzia, eta hala, euskal aniztasuna dela gure herriak behar duena. Horrexetan gabiltza egun Elorrion Udaletxearekin batera, San Frantziskon auzoko elkarteekin, Gau Eskolen bidez euskarari sarrera egiten doan hamarnaka Bilbotarrentzat,...
  • Kartzelaz maiz mintzatu da gure herrian, baina gehienetan preso politikoen ikuspegitik eta ez hainbeste kartzelaz instituzio gisa. Jakinik lehenago edo beranduago kartzelen kudeaketa bertatik egingo dela, instituzio honen gaineko hausnarketa eta eztabaida soziala bultzatu nahi dugu, kartzeletako giltzak ematen dizkigutenean berauekin zer demontre egin behar dugun argi izan dezagun.
  • Soziologia eta marxismoa izan ziren IPESen sorrerako eskaintza nagusienak eta egun, oraindik, premia handia dago errealitatea aztertzeko erreminta egokiei dagokionez. Sozialismoa XXI. mendean zer ote den IPESen azken hamarkada markatu duen gaia da era berean eta “Sozialismoaren Historia Labur Bat” liburu arrakastatsua da horren erakusle.
  • Memoria ezabatu nahi izan digute eta hain zuzen, hasiera hasieratik, memoria ariketa egitea egokitu zaio IPESi. Hasieran, frankismotik atera berri, Euskal Herriko Historia zabaltzeko premia nabaria zen eta egun, oraindik, gezurrei aurre egiten jarraitu behar dugu, aurten argitaraturiko “Gernikaren egiak” lanak erakusten duenez.