Euskal Herriko historia

Frankismotik atera berri, Euskal Herriko Historia zabaltzeko premia nabaria zen eta egun, oraindik, gezurrei aurre egiten jarraitu behar dugu.

MEMORIA ELKARRIZKETAK, 2020KO EKAINEAN

Ipes elkarteak “memoria elkarrizketa” saioak egiten ditu, orain bi urtetik, Gernikan. Ikuspegi eta erpin ezberdinetatik herri-memoria, nondik eta Gernikatik, lantzeko ekarpena izateko.

 

Ekainaren 25eko data  bi helburuetarako baliatu izan dugu: batetik ikasturte amaierako memoria ariketa izateko; eta, bestetik, Estepan Urkiaga “Lauxeta”ren itzala Gernikara hurbilduz, bere figuraren alde ezberdinetan (kazetaritza, hizkuntza, politika, gerra, literatura…) sakontzeko.

 

Aurton, krisi garai honetan, bi saio online eta bat presentziala egingo ditugu: Ibai Alzaga Mungiako Haizetara elkarteko kidea eta Lander Garcia Gasteizko Martxoak 3 elkarteko kideei elkarrizketa telematiko bana batetik, eta, bestetik, ekainaren 25ean bertan Markinaldeko Ahaztuen Oroimena 1936 elkartekoak Gernikara presentzialki gonbidatuz.

 

 

Ekainaren 20an,ikusgai. Ibai Alzaga, Mungiako Haizetara elkarteko kidea:

 

Lauxeta Laukizen jaio, eta Mungiako semea izan zen; Haizetara elkarteko kideak pertsonaia honen eragina herrian, elkartearen dinamika eta belaunaldi berriei begirako oroimen-transmisioaz aritu izan da elkarrizketa emankor honetan.

 

Ekainaren 23an, ikusgai. Lander Garcia, Gasteizko Martxoak 3 elkarteko kidea:

 

Lauaxeta, 1937ko ekainaren 25ean fusilatua izan zen Gasteizko hilerrian. Gertaera horretatik tiraka, Landerrek orduko Gasteizko testuingurua, errepresioaren erradiografia integrala, eta gaurdaino garamatzan memoria-haria eskaini digu, gogoetarako.

 

Ahaztuen Oroimena 1936 elkartea:

 

Datorren ekainaren 25ean Gernikan izango ditugu Markinaldeko oroimen elkarteko kideak. Markina-Xemein, Etxebarri, Ziortza-Bolibar aintzat hartzen duen eragile honek lan emari handia du bertoko testigantzak jasotzen, lubakietako istorioak argitaratzen, Erorien Haranean dauden gorpuzkinen berreskurapena laguntzen senideei etab.ean.