Geure historia guk geuk kontatzeko asmoz abiatu zen 2009ko azaroan Euskal Memoria Fundazioa, konpromiso bikoitza agertuz. Batetik, dibulgazioari begira, urtero liburu bat eta bi aldizkari kaleratuz; bestetik, bildumari begira, Dokumentazio Gune iraunkor bateranzko bidea ibiliz. Babesleen laguntza oinarri, oroimen historikoa bildu eta zabaltzeko tresnak sortzen dihardugu.
Euskal Herriak, herri ukatua eta zapaldua den heinean, bere azalean bizi izan du historiaren faltsutze etengabea. Espainiar eta frantziar estatuen eraso ideologikoak eragina izan du gure ikuspegian. Izan ere, hedabideek, hezkuntza kurrikulumak, erakundeen diskurtsoek eta doktrina antiterroristak hamarkadak daramatzate garenaren eta egiten dugunaren gezurrezko bertsioa eskaintzen.
Eraso ideologiko horren helburua herri honen jatorria ezeztatzea da, geure talde-nortasunaren oinarriak mito zentzugabetzat hartzea, horrekin gure etorkizuna desaktibatzeko. Ortzimuga ikusi ez dezagun, gure historiaren sustraiak industen dizkigute. Iragana gezurtatuz, orainari beldur izan diezaiogun eta etorkizuna ikus ez dezagun.
Zentzu horretan, Euskal Herriaren memoria berreskuratzea garrantzia handiko eginkizuna da. Gure jendartearen bizipenak talde-borondate baten zati dira, honenbestez ezinbestekoa da ekimen iraunkor, irudimenezko eta aktibatzaileen bidez lapurtutako memoriaren berreskurapenaren partaide izatea. Herria bera sujetu izatea, alegia.
Horregatik, geure berezko historiaren gidoigile eta narratzaile nagusi izateko ahaleginak merezi du. Gauzak aldatu nahi baldin baditugu, ezinbesteko baldintza da nortzuk garen, nondik gatozen eta zergatik irauten duen ezeztatzen gaituen zapalketa honek. Ez dezagun ahantzi aldaketarako baldintzak geure autokontzientziaren baitan ditugula. Euskal Herriko memoria historikoa, ordea, ez da jakitunen eztabaiden arteko planoan geratzen. Alderantziz, ondorengo belaunaldiei egiaren lekukoa eta erresistentzia iristen zaiela ziurtatzeko baliabide eraginkorrena da. Aldaketa politiko eta sozialerako indargunea. Geure nortasuna eta kale eta testu liburuetako eskaerak ezabatu nahi dituen erasoan aurrean lubaki eraginkorra.
Izan ere, etorkizuna eraiki eta oraina aldarazteko ariketa eraginkor zein ezinbestekoa da memoria historikoaren berreskurapena. Geure historia ostera ere errepasatu eta berriz hausnartzea Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko, eta irtenbide demokratiko batera gerturatzeko inbertsioa da, eta horixe da aurrean dugun erronka, interferentziarik gabe ulertu eta kontatzea: 1936ko gerra, Frankismoa, Erreforma, frantses zentralismoa eta espainiar Konstituzioa nabarmenki kate-maila berean daudela ulertzen dugunean gatazkaren, bere jatorriaren, ondorioen eta konponbidearen ikuspegi orokorra zeharo aldatuko dugu. Orduantxe bakarrik hasiko gara irabazten geure geurea den egiaren hautematea.