Maiatzaren Lehena andre eta gizon langileen nazioarteko eguna da, 1889an II. Nazioartekoak izendatu zuenetik, Chicagoko “martiriak” gogoratuz eta langileriaren borroka aldarrikatuz.
Gaur, orduan legez, kapitalaren erasoaldia izugarria da. Burgesiak eta bere ordezkari politikoek euren interesen alde baino ez dute egiten, hau da, produkzio sozialaren emaitza gero eta esku gutxiagotan gordetzeari eta etekin pribatua handitzeari ekiten diote, langileak pobrezian bizitzera behartuz.
Kapitalaren eraso bortitzaren aurrean, euskal langileriak, klase zuzendaritzari eutsiz, andre eta gizon langileen eskubideen aldeko estrategian sakondu behar du, bertan behin-behineko eskaera sozioekonomikoak txertatuz.
Euskal Herriko andre eta gizon langileen eskubide kolektiboak daude jokoan, baita pertsona oro duintasunez eta askatasunez bizitzeko eskubidea ere. Euskal Herrian, mundu justu eta zoriontsua eraikitzeko egin dezakegun ekarpenik egokiena sozialismoa eraikitzea da.
