Ezker pentsamendua

Premia handia dago errealitatea aztertzeko erreminta egokiei dagokionez.

Sexualitateari mugarik ez!

LGTBI+ kolektiboen zein pertsonen askatze prozesua ezinezkoa da jendarte kapitalistan. Gaur egun, sexu-zapalkuntzari zabaltzen zaion bidea sistema kapitalistak marrazten du. Bide horrek pertsona eta sektore gutxi batzuen “askapena” baino ez du ahalbidetzen eta, aldi berean, patriarkatuak ontzat ematen dituen estereotipoak, jarrerak eta praktikak berrindartzen ditu. Hortik kanpo, ukazioa edo debekua baino ez dute bideratzen.

Sexu-zapalkuntza egoeratik abiatuta, sexu-askatze kolektiboa zein norbanakoa eratzeko bidea jendartearen askatze prozesuan txertatzen da. Zapalkuntza guztiak (klase-sexu-nazio) zapalkuntza beraren aurpegiak dira eta, beraz, guztiak batera gainditzeko bideari ekin behar diogu.

Gurean, sexu-askatzea euskal andre zein gizon langileen ibilbidean zertzen da. Bertan, sexu-generoaren zapalkuntzaren funtsezko adierazpenak azaleratu behar ditugu, guztiak batera guztion artean borrokatuz.

Urratsez urrats, zapalkuntzatik askatasunerantz, sexu-genero estereotipo, jarrera zein jokabide sexistak desegin behar ditugu. Ildo beretik, bizilekua, adina, estatusa, jatorria… edozein izanda ere, sexu-generoez, sexu-identitateez, sexu-aukera aniztasunaz, sexualitateaz kontziente izan behar dugu, aske eta zoriontsu bizitzeari bideak zabalduz.