Beste proiektu eta elkarlanak

Euskal Herriak gerrari ez! batzar zabalean parte-hartu dugu

Larunbatean, hilak 19, eta Gernika Batzordeak deituta, hainbat eragile eta elkarte ezberdinen batzar zabalean parte-hartu dugu Ipes elkarte gisa. ASTRA kultura faktorian:

Testuinguru oso konplexua bizi dugun garaiak dira gaurkoak. Gernikaren gainean bonbak bota zituztela 85 urte beteko diren honetan, Europako beste muturrean egoera bera pairatzen duten milaka herritar ditugu. Errusiak Ukraina eraso duelako, eta eraso horri gatazkaren handitze logikaren arabera erantzun baitzaio. Ehunka herritar hil dira jada, eta ehunka milaka dira bere etxetik eta Ukrainatik alde egin behar izan dutenak. Ukrainarren bizitzek balio dute, gerra eta zapalkuntzaren logikak urratzen dituen beste bizitzen moduan, Yemenen, Palestinan, Saharan, Kurdistanen edo Sirian, Katxemiran edo Papuan… Garaia da bizitza erdigunean jarri eta gerrei ezetz esateko. Gernika Batzordeak, Euskal Herrian honen aurrean printzipio politiko jakin hauetatik egin daitekeena aztertzeko bilkura batetara gonbidatu ditu elkarte, eragile etab.ak

Ipes elkarteak horrelako espazioak begi onez ikusi izan ditu beti; ezarritako markoa gainditu, eta Euskal Herritik, eta herritar gisa, gure iritzia hainbat sektorerekin partekatu, eta ahal den neurrian elementu komunak eraikitzeko bide oparoa izan daitezkeelako. Zentzu horretan jarraituko dugu 44 urtetan egin dugun bezala, eta harremanetan jarraituko dugu eraldaketan koka daitezkeen eragile ezberdinekin.