Euskal Herriko historia

Frankismotik atera berri, Euskal Herriko Historia zabaltzeko premia nabaria zen eta egun, oraindik, gezurrei aurre egiten jarraitu behar dugu.

Gatzaren matxinada

Posted on

1631ko urtarrilaren 3ko Errege Agindu baten bidez, gatzaren prezioa % 44 igotzeaz gainera, bildutako gatz guztia konfiskatu eta Errege Ogasunak bakarrik salduko zuela agindu zuten. Horrela habsburgotarrek Iparraldeko Europan zituzten gerrak finantzatu nahi zuten, foru-eskubideak eta zerga-salbuespena urritzen zituzten arren.

Erregeak lehen ere horrelako beste arau batzuk ezarriak zituenez, adibidez artile eta oihalen merkataritzari ezarritako tasa, baserritarrek eta burgesek, aho batez, errege funtzionarioen aurka egin zuten, eta 1632ko urrian Korrejidorearen prokuradorea hil zuten. Era berean, 1633an Gernikan egitekotan zegoen Batzar Nagusien bilera ere gelditu zuten, neurriz kanpoko zergak kendu eta Foruek ezartzen zituzten zerga-salbuespenari itzultzea eskatuz. Ordurako, gatzaren bahitura eta salneurriaren arrazoia, matxinada piztu zuena, jadanik ia ahaztuta zegoen.

Matxinadak, aldizka, beste hiru urte iraun zuen. 1634ko udaberrian, Bizkaiko buruzagi nagusiak atxilotuak eta San Anton elizaren ondoan hil zituzten. Giroa baretzeko asmotan, berriz, Filipe IV.a Espainiakoak beste matxinoei barkamena eman eta gatzaren salneurri-igoera kendu zuen.