Euskal Herriko historia

Frankismotik atera berri, Euskal Herriko Historia zabaltzeko premia nabaria zen eta egun, oraindik, gezurrei aurre egiten jarraitu behar dugu.

Memoria elkarrizketa: Bakio

Memoria elkarrizketa saioa Bakioko herri memoria lantzen duten bi emakumerekin, otsailaren 18an, ASTRA Gernikan: herriko alkatea den Amets Jauregizar eta lan taldeko kidea den Laura Uriarte.

Herri txikia den arren, Bakiok interes estrategikoa eduki zuen 1936ko Gerran, Sollube eta Jata mendiak albo-alboan dituelako. Inguru horren kontrola irabaztea funtsezkoa izan zan faxistentzat, Bilbora kostaldetik hurreratzeko. Horregatik, borrokaldi latzak egon ziren han.

1937ko maiatzean Bakioko herritar asko Zallarantz abiatu ziren babesleku bila, herrian faxistak sartzen zeudelako. Orduan alkate zanak, Leandro Oraindik, eman zuen herria hustutzeko agindua. Uztailean memoria eguna ospatzen dute, urtero, 2006az geroztik (lehena izan ezik, uztailean).

Ez da burutu duten egitasmo bakarra. Lan iraunkorra egiten dago herriko memoria berreskuratu, ezagutu eta gaurko testuingurura ekartzeko hainbat herritarrek, udalaren laguntza eta sustapenarekin. Beste adibide bat, honokoa:

1931tik 1945era Bakion jazo zenaren analisi objektibo eta sakona egin du Zuriñe Goitia ikerlariak orain urte bi. Lau atal nagusi ditu liburuak. Lehenengo partean, gerraren aurreko urteak aztertu ditu, Errepublikaren sasoiak. Bigarren atalean gerra bete-betean agiri da, Bakio faxisten esku jausi zen arte. Hirugarrenean, gerraostea, diktaduraren lehenengo urteak eta errepresaliatuen datuak. Azkenik, laugarren zatian lekukoen testigantzak datoz. Bakioko udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak egin dute bat “Bakio 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” izeneko liburuak argia ikusi dezan, Labayru Fundazioa ere laguntzaile dela.

Udalaren parte-hartzea, herri mugimenduaren sustatzaile lana, herritarren inplikazioa memoriaren eraikuntzan…erpin asmotariko esperientzia da Bakiokoa.