Beste proiektu eta elkarlanak

Pitzatu liburuxkaren zabalpena

 

Aldaketa iraultzaileak beti etorri dira gazte jendearen eskutik” Angela Davis-en esaldia da, eta liburuxkaren funtsa ezin hobeto barnebiltzen du. Horregatik jaso dugu bertan.

Ernai gazte antolakundea eta Ipes elkarteak elkarlanean ekoizturiko hausnarketa, eztabaida eta ekinbiderako gonbita da, “Pitzatu. Gazte Boterez Euskal Herria eraikitzen” liburuxka; azken bi urteotan egiten aritu garena.

Lau bloketan banatu dugu lana: lehenik, nondik abiatzen garen eta non gauden aztertu dugu, gure ikuspegiaren eta gazteriaren gaineko lehen kokapena eginez. Bigarrenik, heldu botereari begiratu diogu; botere zapaltzailearen armiarma sarearen ikusmiratik. Hirugarrenean, armiarma horren aurrean nor ote garen deskubritzen saiatu gara, euskal gazteriaren kokapena eginez. Azkenik, laugarren blokean, gazte boterean zentratu gara; bere eraikuntzarako estrategia orokorrak proposatzeko.

Durangoko azokan aurkeztu dugu lana, labetik atera berria baita. Harrera ezin hobea izan du, bai aurkezpenak izandako oihartzunagatik eta baita Ipesen postutik pasa eta eskuratu dutenengandik; gazte eta ez hain gaztek, gainera.

Hemendik aurrera zabalpen lanari ekingo diogu, eztabaidarako tresna izateko bokazioari heltzeko. Hainbat baieztaturik ditugu jada, orain egun gutxi Deustuan egin dugun bezala. Eta beste hainbat orain gaude lotzen: Durango, Barakaldo, Anoeta, Gasteiz, Iruñea, Donostia…

Hartu denbora, arkatza, talde bat, batzuk, eta irakurri, murtxikatu, eztabaidatu, hitz egin….eta ekin!

Oharra: liburua eskuragarri duzu gure web gunean