Beste proiektu eta elkarlanak

Rosa Luxemburg IV. Konferentzia

Posted on

GERRA INPERIALISTEN ETA HETEROPATRIARKALEN AURKA, BAINA EUSKAL ARMAGINTZAREN ALDE?

Rosa Luxemburg eraila izan zen 1919ko urtarrilaren 15ean, Berlinen, bere burkide Karl Liebknechtekin batera, biek I Mundu gerraren kontrako jarrera aktiboa izan zutelako eta iraultza sozialaren aldeko matxinada babestu zutelako. Data hori gogorarazteko eta bereziki bere ekarpenak, gerra inperialisten aurka zein munduko langileen aldeko gogoeta kritikoak oinarritzat hartuz, azken hamarkadetan Berlinen urtero ospatzen da konferentzia iradokigarri bat.

Orain dela lau urte erabaki genuen konferentzia bat antolatzen hastea Bilbon, gure garaiko zenbait erronkaz mintzatzeko ikuspegi zabal eta eraldatzaile batetik. Hasieratik, erabaki genuen topaketa guztietan ikuspegi feminista erdigunean egongo zela eta horrela izan da gaur arte.

Aurten jorratuko dugun gaiak gerrak zuzenean ukitzen ditu, bi arrazoi nagusiengatik.

1.- I Mundu gerra orain dela mende bat amaitu zelako, eta bertan Rosa Luxemburgek eta bere kide komunista batzuek gerra inperialista horren aurkako jarrera irmoa defendatu zutelako.

2.- Azken hamarkadetan gerrak gero eta bortitzago eta hurbilago gertatu ohi direlako, bereziki Estatu Batuek Afganistan inbaditzea erabaki zutenetik, 2001ean, eta Ekialde Hurbileko eskualdean bolbora bezala zabaltzen joan denetik. Batzuetan herrialde horiek oso urrun daudela ematen du, baina gerra eta inbasioetatik ihes egiteko milaka eta milaka pertsona babes bila Europara heltzen hasi zirenean konturatzen hasi ginen oso gertu zeudela, nahiz eta sarritan beste alde batera begira.

Inbasio horien atzetik, gure gizarte kontsumistak munduan zehar dauden baliabideak gero eta behar gehiago dituenez, -petroliotik hasita, koltanera helduz-, horiek eskuratzeko herri horietako komunitateen aurkako eraso bortitzak bultzatzen ditu, herri osoak lurrik eta bizimodurik gabe utziz, eta etengabeko populazioaren mugimenduak sorraraziz. Prozesu bortitz horietan emakumeek ondorio gordinenak pairatu behar dituzte, bortxaketak, trata eta hamaika eraso gehiago.

Eremu erasotu horietatik alde egiten duten pertsonek ere Europara heltzean hesiak eta mugak besterik ez dute topatzen gure herrietako gobernuburuek araudia horrela egokitu dutelako, eta horrek heriotzak areagotzeaz gain, xenofobia eta gorrotoa zabaltzen ditu. Hortaz, oso egoera larrian gaude eta ezin dugu beste aldera begira.

Testuinguru horretan, gerra guztietan galtzaileaz gain irabazleak daudenez, aurten Rosa Luxemburg IV Konferentzia honetan jorratu nahi dugun gaia irabazle ezkutu batzuen inguruan jarri nahi dugu ikusmira. Izan ere, armagintza sektoreak etekin ekonomiko izugarriak sortzen ditu eta ezinbestekoa delako gerrak areagotzeko.

Sektore hori sostengatzeko eta suspertzeko instituzio publikoen papera funtsezkoa da, bai gobernuena bai hezkuntza sistemakoa, besteak beste (finantza sektorearena, adibidez) eta horrekin batera enpresa horietan lan egiten duten langileena zein jendarte gehiengoaren axolagabekeria.

Gure iritziz izugarrizko kontraesana da, euskal jendartearen zati handi bat gerraren aurka egotea, baina, aldi berean, salbuespenak salbu, armagintzaren sektorea ozenki ez salatzea. Horregatik uste dugu oso aproposa dela konferentzian gai horiek jorratzea eta guztion artean egoera eztabaidatu eta irtenbideak plazaratzen jarraitu.

Eta eztabaida pizteko, gai horren inguruan oso ondo informaturik dauden bi pertsona arituak gonbidatu ditugu. Bata, Mikel Otero da, herritar mugimenduen partaidea eta Euskal Herria Bilduren legebiltzarkidea, eta bestea, Irantzu Mendia, aktibista, irakasle feminista eta gerretan emakumeek jokatu ohi duten paperak urte luzez ikertu dituena.

Horrez gain, arratsalde horretan sektorearekin lotura zuzena duten beste ahots batzuk gonbidaturik egongo dira eta ziur gara eztabaida oso interesgarria izateaz gain, etorkizun hurbilari begira erantzunak plazaratzeko aukera ona izango dela.

17:30: Hasiera

Konferentziaren aurkezpena eta kartzeletako paperaz hausnarketa

17:45-19:00 Mahai ingurua

Mikel Otero – Euskal Herria, gerraren aurka eta armagintzaren alde?
Irantzu Mendia – Emakumeen papera gerretan eta gatazken konponketetan

19:00-20:30: Eztabaida ordua

Aurkezlea: Lorea Agirre