Beste proiektu eta elkarlanak

Rosa Luxemburg IV. Konferentziaren Prentsaurrekoa

Atzo, Urtarrilak 10 asteazkena, Biba espazioan Baskale, Rosa Luxemburgen lagunak eta Ipesek, Rosa Luxemburg  IV. Konferentzia aurkeztu genuen.

Dakizuenez, Rosa Luxemburg eraila izan zen 1919ko urtarrilaren 15ean, Berlinen, bere burkide Karl Liebknechtekin batera, biek I Mundu gerraren kontrako jarrera aktiboa izan zutelako eta iraultza sozialaren aldeko matxinada babestu zutelako. Data hori gogorarazteko eta bereziki bere ekarpenak, gerra inperialisten aurka zein munduko langileen aldeko gogoeta kritikoak oinarritzat hartuz, azken hamarkadetan Berlinen urtero ospatzen da konferentzia iradokigarri bat. Bertan neoliberalismoa gainditzeko aukeraz eta estrategiaz eztabaidatzen da. Urteak pasa ahala, beste hirietan egiten hasi den moduan, Bilbon ere, orain dela lau urte erabaki genuen hastea konferentzia bat antolatzen.

Aurten jorratuko dugun gaiak gerrak zuzenean ukitzen ditu, bi arrazoi nagusiengatik. Alde batetik, I Mundu gerra orain dela mende bat amaitu zelako, eta bertan Rosa Luxemburgek eta bere kide komunista batzuek gerra inperialista horren aurkako jarrera irmoa defendatu zutelako. Beste aldetik, azken hamarkadetan gerrak gero eta bortitzago eta hurbilago gertatu ohi direlako, bereziki Amerikako Estatu Batuek Afganistan inbaditzea erabaki zutenetik, 2001ean, eta Ekialde Hurbileko eskualdean bolbora bezala zabaltzen joan denetik.

Testuinguru horretan, gerra guztietan galtzaileaz gain irabazleak daudenez, Rosa Luxemburg IV Konferentzia honetan irabazle ezkutu batzuen gainean jarri nahi dugu begirada. Izan ere, armagintza sektoreak etekin ekonomiko izugarriak lortzen ditu eta ezinbestekoa da gerrak areagotzeko. Sektore hori sostengatzeko eta suspertzeko instituzio publikoen papera funtsezkoa da, bai gobernuena, bai eta hezkuntza sistemarena ere, besteak beste -finantza sektorearena, adibidez- eta horien batera, baita enpresa horietan lan egiten duten langileen zein jendartearen gehiengoaren axolagabekeria kontutan hartzekoa da.

Eztabaida pizteko, gai horren inguruan oso ondo informaturik dauden bi pertsona aritu gonbidatu ditugu. Bata Mikel Otero da, herritar mugimenduen partaidea eta Euskal Herria Bilduren legebiltzarkidea Gasteizen, eta bestea, Irantzu Mendia, aktibista eta irakasle feminista, gerretan emakumeek jokatu ohi duten papera urte luzez ikertu dituena. Hizlariez gain, sektorearekin lotura zuzena duten beste ahots batzuk gonbidaturik egongo dira eta ziur gara eztabaida oso interesgarria izateaz gain, etorkizun hurbilari begira erantzunak plazaratzeko aukera ona izango dela.

Horregatik guztiagatik, gonbidapena luzatu nahi diegu premiazko gai hauen inguruan interesa duten pertsona guztiei. Saioa euskaraz burutuko da eta itzulpengintza zerbitzua izango da. San Frantziskoko Auzo Etxearen ateak guztiontzat zabalik egongo dira. Hator eta parte hartu!