Derrigorrez. Denok dakigu gure egunerokotasunean zer eragina duen garapen teknologikoak. Gure bizitzetan eta gure militantzietan. Pertsona gisa eta gure herrian. Eragina ez da etorkizunean gertatuko den zerbait. Gertatzen ari da. Areagotu egingo den fenomenoa da; geldiezina.
Mugikorrak eskoletan, bai ala ez; nola arautu. Ordainketa automatikoak supermekatuetan; onurak eta arriskuak. Adimen Artifizialaren erabilera. Kamarak kaleetan eta dendetan. Zenbat lanbide desagertuko diren eta zenbat sortu. Horren karietara, eztabaida zahar/berrituak: soldata unibertsala bai ala ez. Klima aldaketari aurre egiteko aukera ala ez. Gure datuekin -guk ematen dizkiegun datuekin- zer egiten duten ez dakigu, nahiz eta bai susmatu, kontsumismora bultzatzen gaituztenean eta hauteskundeak manipulatzeko erabiltzen dituztela zantzuak ditugunean. Eta abar luze bat.

Gizon-emakumeen historia luzean, teknologiaren garapena ez da gauza berria. Espeziaren hasieratik izan dugu bidaide, garapen horren motorra izan da. Oraingo berritasuna garapen horren abiaduran datza, eta sakontasunean, gure bizitzaren arlo guztiak astinduz.
Dena den, gure ustez, hauxe gertatzen zaigu:
- Marko egokiak ez ditugula aurkitzen fenomeno honetaz patxadaz hitz egiteko. Bai, patxadaz, gauza benetan garrantzitsuei buruz hitz egiteko denbora behar dugulako, eta espazio egokiak. Beraz, maila batean edo bestean, denok kontsumitzen eta erabiltzen dugu praktikan mugatu ez dugun teknologia bat. Garapen teknologikoa bultzatzen duten interes pribatuek interes publikoaren gainetik ipintzen dute bere etekin gosea. Teknologiaren eraginari buruz tabernetan eta lagun taldeetan hitz egiten dugu. Ongi da, baina ez da nahikoa. Atzetik goaz.
- Eztabaida sakon faltaren eraginez, ezin dugu ondo neurtu noraino diren onuragarriak teknologia berriak eta noraino kaltegarriak. Saihestezina den fenomeno bat ezin dugu demonizatu bere orokortasunean, ezta akritikoki ere onartu. Gure jarrera pasiboa da, kontsumitzaileena. Beharbada aktiboak izango gara beste arlo batzuetan gure auzo eta herrietan, lantegi eta institutuetan, baina algoritmoaren aurrean, oro har, nahiko pasiboak gara. Erabiltzen ditugu eta erabiliak izaten gara. Ea atera behar garen sare hauetatik, beste hauek erabiltzeko, … . Ez gara gai ezta herri militanteen esparrutean ere erabaki kolektiborik hartzeko.
- Hitzarmen baten faltan gaude. Ez zentzu formalistan uler daitekeen hitzarmena, ezta guztiz arautzailea ere izango dena. Landa bati ezin zaizkio ateak ipini. Gainera, teknologia berrien jabetza sisteman guk ez dugu eragin eraginkorrik. Baina bai behar dugula gutxiengo adostasun zabal eta anitza lortu marko orokorra ulertzeko eta ondorio batzuk ateratzeko, Herri honen gehiengoak sostengu ditzakeen ondorioak. Dena ezin dugu arautu, baina gauza batzuk bai eta era koordinatuan egin behar dugu. Herri moduan egin daitekeen ariketa da, egin behar dena, baita arlo ezberdinetan ere, langile mugimenduan, ikasle mugimenduan… Gure ekarpena, gure xumetasunetik eta gure muga guztiekin, herri mugimenduetara eramatea eztabaida hau izan daiteke, baldin eta horren kontzientzia hartzen badugu.
- Herri mugimenduetan, inertzien inertziengatik, sare batzuk erabiltzen ditugu eta gainera modu zehatz batean; horretaz pentsatu behar dugu. Militatzeko era, beste faktore batzuk ere tartean egonda, aldatu du teknologiak; horri buelta bat eman behar diogu. Kameren hedatzeagatik zailago egiten zaigu aktibismo militantea, isunen arazoa biderkatuz; adostasunetik kokatu beharreko oztopoa. Baina onurak ere ateratzen ditugu teknologia berriei, esaterako eta era neurtu batean, bilerak on-line egiteko aukerak egonda eta, programatikoki, alternatibak eskaintzeko baliabideak emanda, borroka ekologistetan, hiri ereduaren inguruan antolatzen diren mugimenduetan….
- Baina batez ere, irakurketa parte-hartzailea eta kolektiboa garatu beharko dugu. Teknologia horren inpaktuaren ingurukoa, posizio bat hartzearen aldekoa, kontzientzia garatuz hain konplexua den faktore honen inguruan. Badago martxan Euskal Herria mailan marko bat honetaz hausnartzeko, Euskal Herria Digitala, Fundazio, eragile sozial eta sindikatu ezberdinak biltzen dituena. Bertan Ipes ere badago. Manifestu bat plazaratu zuen duela bost urte eta ordutik hitzaldi, jardunaldi, eta ariketa ezberdinak zabaldu ditu eta zabaltzen ari da. Pentsatzeko gune guztiz ezinbestezkoa: https://ipes.eus/lanak/euskal-herria-digitala-ren-partaidea-da-ipes-elkartea/

Gure esku dago hain kaotikoa den prozesu bat ordenatzeko ahaleginak egitea. Pentsamendu kolektibotik jarrera koherenteak mantentzeko, herri dinamiken onurarako. Ulertu, gauzak aldatzen joateko. Adi bada, ekimen ezberdinetan parte-hartzeko espazioak aktibatzeko, horretan laguntzea delako gure asmoa. Kontaktuan gaude.
Ziberburujabetzara bidean