“Distira gorri bat” liburua argitaratu dugu

17 urteko Frantzisko izeneko gazte batek 1937ko urtarriletik maiatza bitartean idatzitako egunerokoa da. Donostiatik ihes egindako familia, Ibarrangelun aurkitzen du aterpe, eta gure herriaren gertaera historiko garrantzitsu baten kronista bilakatu zen gaztea, jakin gabe. Urteetan lozorroan egondako idazkia euskaratu, eta argitara ekarri du Ipes elkarteak.

Frantzisko Xabier Aizpurua Albisu. Donostia, 1920 – Algeciras (Espainia), 1941

1936ko uztailaren 18ko militarren matxinadaren ostean, guraso eta anai-arrebekin Donostiatik alde egin zuen. Hasieran, Aizpurua-Albisu sendiak Ondarroan hartu zuen babes eta, ondoren, Ibarrangelun. Bertan egon ziren Gernika bonbardatu ostean militar errebeldeak Ibarrangelura iritsi ziren arte. Donostiara itzulita, denbora gutxi egin zuen bertan, ia segituan muga gurutzatu eta Donibane Lohizunen errefuxiatu zen. 2. Mundu Gerran naziak Hendaiaraino iritsi zirenean, berriro ere muga gurutzatu zuen, baina ordurako adinez nagusia izanik soldaduska egin gabe zuelako Cádizera (Espainia) igorri zuten. Bertan gaixotu eta hil egin zen. Ia azken eguneraino jarraitu zuen idazten hamabost urterekin hasitako egunerokoa.

Egunerokoaren zati esanguratsu honen itzulpena Mikel Antza idazleak egin du; aldi berean, egilearen senidea ere badena. Liburu historikoa, familiarra, literarioa eta orain arte ezagutu gabea da, beraz, aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko duguna.