Beste proiektu eta elkarlanak

ROSA LUXENBURG V. KONFERENTZIA

Atzera begirakoa: 2019ko otsailaren 22an Rosa Luxemburgen bosgarren konferentzia ospatu zen Bilbon.

Konferentzia honen antolatzaileak Rosaren Lagunak taldea, Baskale eusko-alemaniar elkarte soziokulturala eta Ipes elkartea izan dira.

Aurrekoetan bezala, aurtengo konferentzia hiru zatitan banatu zen:

  1. Hasteko, Berlinen ospatutako Rosa Luxemburg konferentziaren eta burututako manifestazioaren informea, Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht omentzeko, euren erailketaren 100. urteurrenean.
  2. “Faxismoa gaur eta hemen” konferentzia.
  3. Hurrengo mugimendu sozialetako 4 interbentziorekin zabaldutako eztabaida: Feminismoa, Sindikatuak, LGTB eta Plataforma Antifa.

“Rosaren lagunak” talde antolatzailea Berlinen egon zen lau aste arinago, XXIV. Rosa Luxemburg Nazioarteko Konferentzian parte hartzeko, aurten “Socialismo o barbarie” izendatu dena. Konferentzia hau urtarrileko bigarren larunbatean ospatzen da eta Rosa Luxemburgen erailketaren urteurrena omentzeko helburuarekin egiten da. 1919ko urtarrilaren 15ean erail zuten Berlineko Eden hotelean eta gorpua Landwehrkanal kanalera bota zuten.

Konferentziaren hurrengo egunean, 2019ko urtarrilaren 13 igandea, urteroko manifestazioa ospatu zen Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht burkideen omenez. Berlingo ekialdeko FrankfurterAllee etorbidea gurutzatu eta Friedrichsfelde barrutiko hilerriraino joan zen, pertsona sozialista aleman garrantzitsuenak omentzen dituen monumentua dagoen lekuraino. Monumentu hau RDA gobernuaren garaian eraiki zen.

Konferentziaren eta manifestazioaren inguruko iritzi eta sentsazioak hurrengo estekan dauden argazkietan batu ziren Bilboko konferentziarako:

https://youtu.be/Sc2zfbqaAos

Berlinera egindako bidaiaren ondorioz, aurtengo Bilboko konferentzia otsailean ospatu zen, nahiz eta aurrekoak beti ospatu diren urtarrilean, Berlingoa izan eta aste betera.

Aurtengo Bilboko konferentzia Berlingo esperientzia eta sentsazioen inguruko hitzartze batekin hasi zen, bertan egondako lagunen partetik. Bi emakumek egin zuten eta bi zatitan banatu zen: konferentzia eta manifestazioa. Bi ekarpenak ikusgai daude hurrengo bideo estekan:

https://youtu.be/kHboWHvMGnI

Berlin atzean utzita, Mumia Abu Jamal preso politiko afroamerikarraren egungo egoera aurkeztu genuen irakurketa baten bidez, Bilboko bost konferentzietan azaleratu dena. Mumiak Berlingo konferentzira urtero egiten du ekarpen bat eta Bilbon batzuetan horren itzulpena irakurtzen zen, baina aurten eta iaz bere egoera aktualaren inguruko testu bat aurkeztu zen. Ikusi artikulua:

https://mumiaaske.wordpress.com/2019/02/26/mumia-abu-jamalen-egoera/

Honen ostean, Hedoi Etxarte idazle eta aktibista iruindarraren konferentzia hasi zen, joera ultraeskuindar eta neofaxisten gorakadaren inguruan aritu zena, mundu osoan, Europan, estatu espainolean eta Euskal Herrian.

Hedoik hitza hartu aurretik, Lorea Agirrek aurkeztu zuen, sarreratxo bat eginez bere militantziaren inguruko zertzelada batzuekin. Hurrengo ordubeteko bideoak ekarpena bere osotasunean erakusten du:

https://youtu.be/qrwPCyEIC7I

Konferentzia antolatzen duen taldearen asmoa zera da, konferentzia hau mugimendu sozialetan hausnarketarako gonbitea bezala ulertzea. Horregatik, lau eragile ezberdinei aurretiazko gonbitea luzatu zitzaien euren planteamenduak eta konfrontazio formak aurkezteko joera faxisten gorakadaren aurka, bost minututako interbentzioetan. Kolektibo hauek hurrengoak izan ziren: LAB (Langile Abertzaleen Batzordea), Europa mailako sare sindikalista antifaxistan antolaturikoa; Sare Antifaxista euskal plataforma, informazio eta hezkuntza antifaxista eman eta aktiboki parte hartzen duena memoria historikoaren mugimenduan; Emakumeen Mundu Martxa, nazioarteko sare feminista, emakumeen aurkako indarkeria eta diskriminazioaren kontra eta genero berdintasunaren alde lan egiten duena; eta azkenik, eraikuntza lanetan dagoen gay jendez osatutako plataforma berria.

Beste behin, parte hartzea handia izan zen Bilboko Rosa Luxemburg V. Konferentzian: 80 bat lagun hurbildu ziren. Poztekoa da asistentzia kopuru hau eduki izana, izan ere, hiru orduko konferentzia izan zen, ostiral arratsaldean eta ez zen zentroan ospatu, baizik eta langile auzo batean. Konferentzia euskara hutsean ospatu zen -xedeetako bat zena- eta gaztelaniarako itzulpena egin zen, sakelekora zuzendutako irrati-uhin baten bidez.

Amaieran, merienda xume bat egin genuen -tradizioa bihurtu dena- iritzi eta sentsazioen elkartrukea bultzatzeko espazio informala sortuz.

Informazio gehiago aurki daiteke “Rosaren Lagunak” eta Baskale blogetan:

http://rosaluxemburgkonferentzia.blogspot.com/

http://baskale-elkarte.blogspot.com/