Kartzela kalera

Kartzeletako giltzak ematen dizkigutenean berauekin zer demontre egin behar dugun argi izan behar dugu.

«Andre presoek badute ekiteko gaitasuna; aurre egiten diote aginteari» Elisabet Almeda

«Espetxean sartu aurretik jada bizi dute bazterkeria, eta hori areagotu egiten da kartzelan»

Historikoki, emakumeak desberdinki zigortu dira. Are, modu diferentean ez ezik, modu zorrotzago batean zigortu dira emakumeak. Hala azaltzen dute testigantzek eta ikuspegi kritiko eta feminista batetik egindako ikerketek. Espetxeetan andreak baztertuak dira, baina kartzelara sartu aurretik ere diskriminazio egoerak bizi dituzte. Espetxean sartzean berriz baztertu eta diskriminatzen dira. Horrek erakusten du kartzelek logika androzentrikoa dutela eta zigor-arauak maskulinizatuak direla. Esan beharrik ez dago espetxe logika osoaren aurka gaudela, baina emakumeen kasuan egoera are larriagoa da.

Lekuan leku, modu desberdinean egiten diote aurre egunerokoari. Garrantzitsua da hau aipatzea: emakume hauek badute ekiteko gaitasuna; agentzia, alegia. Erresistentziak jartzen dizkiote autoritateari. Ezohiko matxinadak egiten dituzte: maindireekin irteten dira patiora, eta bertan egiten dute dantza, jaia, protesta… Egunerokoa eta diziplina haustea da helburua. Emakumeen arteko harreman sexual eta afektiboak ere apurtzaileak dira. Horrek ezinegon handia sortzen die espetxeetako langileei, eta kolokan jartzen du egitura zurrun hori. Beraz, hori ere bada erresistentzia praktika bat. Bestalde, antolatzen dituzte sareak eta ekintzak: antzerkia, irrati komunitarioak… Hau da, emakumeak ez dira soilik espetxeetako biktimak, praktika erresistenteak eramaten dituzte aurrera. Are gehiago, kartzelatik kanpo ere jarraitu dute antolatzen, eta badira espetxetik pasatutako emakumeen elkarteak ere.

 

Berriako elkarrizketa