EUSKAL LANGILE ANDREAK
Euskal Langile Andreak liburua, Ipeseko beka baliatuz, Oiane Valerok garatu duen ikerketa-lana da.
Ipesek Euskal Herriaren historia ardatza izan du bere 42 urteko ibilbidean. Urte hauetan argitaratu liburuek eta egin ikastaroek horren lekukotasuna eskaintzen dute. “Andreak” ere aldagai nagusia izan da: “Emakumea eta ekonomia”, “Emakumeak Euskal Herriko Historian I eta II” liburuetan edota zapalkuntza hirukoitzean oinarritu “Euskal Langile Herria”, “Azterketa Marxista. Apunteak” ikastaroak, besteak beste.
Euskal Langile Andreak Euskal Herriaren historiaren gaineko liburuetan dagoen hutsunea betetzera dator, langile andreen historia, alegia. Azken urteotan, andre historiagile askok historiaren ikerketa-objektua “andreak” izan dute; baina, oro har, ikerketa zehatzak dira, denborari zein espazioari dagokienez. Liburu honek, aldiz, orokorra izan nahi du eta Euskal Herriko langile andreek pairatu nazio-klase-sexu zapalkuntza ikusarazi.
Kapitalismoak lana, lan merkatua eta lan harremanak sexuaren araberako berrantolatu zituen. Testuinguru hartan, langile andreei langile izaera kendu zien. Aldi berean, langile andreak jende menderatua izatera zigortu zituen, hizkuntza egoera diglosikoan murgildu eta euskal nortasuna ukatu. Gaur arte.
Zapalkuntza hirukoitza gainditzeko bidean, erresistentzia borrokak, ekarpen aberatsak eta urrats esanguratsuak egin zituzten euskal langile andreek. XX. mendearen bukaeran teoria-praktika bereizia sortu zuten: euskal feminismoa, hau da, euskal langile andreen askatasuna lortzeko antolakuntza soziopolitikoa.
Euskal Langile Andreak liburua, besteak beste, eztabaidarako bitarteko bat izan nahi du, hitzaldi, forum, ikastaro eta abarretan. Gurekin antola dezakezue!
Interesik badaukazu liburuaren aurkezpena edo lanketa saioa egiteko, idatzi info@ipes.eus helbidera