Manttalingo alaba olerki emanaldi musikatua ASTRAn
Manttalingo alaba, Mikel Etxabururen poema liburu berria: Gaur udatiarrek autokarabanak aparkatzen dituzten toki berean, lehen Saturrarango kartzela zegoen. Gaur haurrak jostatzen diren toki berean, lehen haurrak amengandik banandu eta erregimenarekin bat egiten zuten familia dirudunei eskaintzen zieten. 4.000tik gora emakume gatibu egon ziren Saturrarango kartzelan “extremadamente rebeldes y peligrosas”, ia 200 hil ziren. Hori guztia biltzen du Manttalingo alaba poema liburuak (Ernestina de Campourcin XXXIII saria, Pamiela); oroitza eta aitortza, minak eta esperantzak. Besarkada estua “emakume errebelde eta arriskutsu” izan zirenei eta zaretenoi. Oroitzen dugun hori gara!
Olerki hauetan oinarriturik, eta Gernikako bonbardaketaren 87.urteurreneko egitarauaren barruan, Ipes elkarteak, apirilaren 28an, arratsaldeko 18tan ASTRA Gernikan, emanaldi honen estreinaldia egingo du. Hitzek, ahotsa, akordeoia eta biolina izango dituzte bidaide.