Beste proiektu eta elkarlanak

Unibertsitateko lanak herriaren mesedetan jartzeko mahai inguru interesgarria izan zen

Pasa den ostegunean Bilboko karmela espazio autogestionatuan “Unibertsitateko ikerketa eta lanak herriaren mesedetan jartzen” izenburupean mahai ingurua egin genuen duela hile batzutatik hona Ikerbiltza eta Ipesen artean hainbat ikasle talderekin izandako harremanen harira martxan jartzen ari garen dinamikaren berri eman eta herri jakintzaren inguruko egitasmo berri honen lehen eztabaida publikoa emateko. Hogeita bost bat kide bildu ginen saio labur baino aberats honetan.

Duela aste pare bat berri ematen genuen bezala, hile batzutatik hona Ikerbiltza eta Ipes unibertsitateko ikasle talde eta irakasle ezberdinekin harremanetan jarri dira ikasleen lanak Euskal Herriaren norabidean eta mugimenduaren mesedetan jartzeko aukerak aztertzeko. Harreman horien lehen fruitua izan da pasa den ostegunean Bilboko Santutxu auzoan dagoen Karmelo Biziriken antolaturiko mahai ingurua, zeinaren bidez gaiaren inguruko eztabaida publikoa sustatu nahi zen, ekarpenak biltzearekin batera. Jarraian kronika labur bat duzu, eta saioko audio osoa entzun dezakezu hemen:

Mahaitik Ikerbiltza (Udalbiltzako ikerketa arloa), EKT (Sarrikoko Ekonomia Kritiko Taldea), Ikasle Abertzaleak eta Parte Hartuz (EHUko diziplinarteko ikerketa taldea) aritu ziren GITE-IPESen gidaritzapean eta publikoan ere formazio proiektu ezberdinetako kideak izan ziren. Mahatik aurkezpen eta azalpen laburrak emanda, eztabaida zabaldu zen, Unibertsitateko lanak herriaren mesedetan jartzeko behar zehatzak, aukerak eta arriskuak azaleratuz:

Beharrak:

Lehenik eta behin, agerian gelditu zen elkar ezagutzaren beharra handia dela, bai orohar ekimen eta mugimendu ezberdinen artean, eta baita nabarmen Unibertsitatea eta herri sektoreen artean. Horrekin batera, ikasleek egiten dituzten lanek aitortza izan dezaten baliabideak behar direla aipatu zen interbentzio ezberdinetan. Lanak kudeatzen laguntzeko, “plataforma” moduko baten beharra aipatu zen zehazki, baita eragileen beharrak bisualizatzea, sareak eratzea, esfortzuak kohesioan jartzea,…

Arriskuak:

Hutsune hauei, Unibertsitatearen joera akademizista gehitu behar zaio. Kapitalismoaren gurpilean guztiz sartuta da eta zirrikituak izan arren, oso panorama beltza marraztu zen. Ekonomia ikasleek ere argi adierazten zuten nola ikasketak liberalismoaz haratago joaten ez diren eta parte hartu zuen ikerlari baten ahotan, oso zaila da gurpil akademizista horretatik ateratzea, prekaritate handiz bizi baitira gainera.

Aukerak:

Esan bezala baina, zirrikituak badira eta hori ere agerian gelditu zen saioan bertan. Emauseko kide batek hitza hartu zuen bertan zen ekonomia ikasle batek gradu amaierako lana beraien elkartean nola gauzatzen ahal zuen. Hain zuzen ere, GRAL delakoaren bidez lanak herri beharretara egokitzeko nahiko aukera daudela ikusi zen eta baliabide egoki jo zen norabide egokian urrats txikiak egiteko. Bestalde, unibertsitateko taldeen eta herri eragileen artean ematen diren harremanak oso interesgarriak dira eta zentzu horretan, bada ezagutza metaturik. Zirrikituetatik argia eta arnasa ere sartzen dela, alegia!

 

Ordu t’erdiko saio laburra arin joan zen, parte hartze handiaz eta elementu asko atereaz. Laburtzeko esan liteke, ikasleak nahiko kontzientziatuak daudela jakintza eraldaketarako erabili behar dela, baina ez dugula oraino baliabide egokirik gogo eta indar guzti horri bide emateko. Horretan asmatzea da beraz erronka, baina hori bai, kontutan izanik ekinbide hau lehen urrats bat besterik ez dela, bistaz galdu ezin den unibertsitate herritar baterantz!