Euskal Herria digitala manifestura batu gara
Azken hamarkadatan hainbat fenomeno azkartu dira: globalizazioa, prekarizazio globala, demokraziaren pribatizazioa, erregai fosilen agortzea, klima aldaketa, zaintzaren krisia… Guzti horren erdian teknologiaren garapen izugarriak jauzi kualitatibo bat eman du azken mendean. Horrek hainbat kezka piztu ditu dagoeneko mundu luze zabalean: nora garamatza digitalizazioak? Ze aldaketa ekarriko ditu demokraziara eta bere materializaziora? Lana eta hezkuntzaren esparruak aldatuko ote ditu? Digitalizazioak zer ondorio izango ditu iraunkortasunaren aldetik? Gizakiaren harremantzeko moldean aldaketa bortitz baten aurrean ote gaude? Finean, gizateria aldatuko duen garaiko jauzi baten aurrean ote gaude? Manifestu hau plazaratzen dugunok uste dugu erronka digitala XXI. mendeko erronka nagusietako bat dela. Baina ez gara teknofiloak, ezta teknofoboak ere. Teknologia elite finantzieroen alde erabili daitekeela uste dugu, baina baita jendartearen zerbitzura egon daitekeela ere. Auzia oso konplexua da, eta gutxienez, lau esparruetan eragiten du: demokraziaren esparruan, lanean, hezkuntzan eta gizakian berarengan.