Euskal aniztasuna

Euskal kultura da aniztasuna lantzeko erreferentzia, eta hala, euskal aniztasuna da gure herriak behar duena

Mundutik Euskal Herrira

Euskal Herritik mundura. Mundutik Euskal Herrira. Dinamikaren deskribapena.

Ipes, Bestalde eta Otxandioko Udaleko Migrazio Azpi-Batzordearen arteko elkarlanetik, sentsibilizazio eta formazio pedagogikorako lan bat diseinatzen da jatorri aniztasunaren ezagutzarako politikak emateko baldintzak sortu eta herritarren arteko bizikidetza bultzatzeko.

Aurrekariak: Migrazio prozesuek sortzen dituzten informazio eta formazio beharrak asetzeko sortzen da proiektua, horretarako pertsona migratzaileekiko egon daitezkeen aurreiritzi eta estigmatizazioei modu egokian aurre egiteko asmoz. Herritarrak ulermen eta formaziora gonbidatuz, Alkatearen gutun batekin ematen zaio hasiera dinamikari.

Lehen modulua: Mario Zapata soziologoaren eskutik, migrazio kontzeptuari hurbilpen bat egiten zaio, egun Euskal Herrian ematen den inmigrazioaren datuak aztertuz eta baita euskaldunok emigrante gisa kokatuz dokumentari labur baten emanaldiarekin.

Bigarren modulua: Ipesek egindako “Euskal Herria helmuga” dokumentala ikustearekin, XX. mende erdiko inmigrazioaren zertzelada batzuk ematen dira eta jarraian, azken aldian etorritakoetan jartzen da arreta Petra Elser “alemaniatik heldutako euskalduna”ren bizi esperientziarekin.

Hirugarren modulua: Asier Etxenike soziologoak Aztikerrek egindako “Jatorri eta identitate aniztasuna Euskal Herrian” ikerlana aurkezten du, euskal herritarren aniztasunaren erradiografia bat eginez, eta herritarrek aniztasunarekiko ditugun iritziak aztertuz.

Laugarren modulua: Markel Ormazabal soziologoaren gidaritzaz aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruak aztertzen dira, bere funtzio sozialari erreparatuz eta hauen inguruko eztabaida bat sustatuz, herritarren artean ematen diren pertzepzio faltsuak agerian jartzeko. Era berean, beste herri batzuetan emandako dinamika partehartzaile batzuk aurkezten dira

Bosgarren modulua: Tailer baten bidez bertan jaiotako herritarrak etorri berrien testigantzekiko aurrez aurre jartzen dira, hauekiko enpatia eta ulermen ariketa bat bultzatuz. Oihana San Vicente psikologoaren laguntzaz, migratzeak eragiten duen estresari erreparatzen zaio era berean.

Seigarren modulua: Amaiera jaia. Dinamika bere burura eramaten da bertan jaio eta etorri berri diren herritarren artean gastronomia, jolasak, kantuak, dantzak,… partekatzeko egun osoko jai bat antolatuz. Jai honetan, dinamikak emandako informazio eta iritzi hainbat jasotzen dituen aldizkari hau banatu zen.

Dinamika zure auzo edo herrian garatu nahi izanez gero, edo gertuagotik ezagutu nahi bagaituzu, jarri gurekin harremanetan info@ipes.eus helbidearen bidez. Eskerrik asko zure interesagatik!